Japoniar edukiak euskaratzen dituen talde bat gara, mundu honetan fansub deitzen zaiona. Itzulpenak musutruk egiten ditugu, euskara eta japoniar-kultura maite ditugulako.
EuskoManga izena “euskarazko manga” hitzetik dator, “eus(karaz)ko manga” -> EuskoManga.
Izatez, webgune honetan, orain arte euskaraz azpititulatuak izan diren anime-manga guztiak biltzen ditugu. Den-denak, bai hemen euskaratutakoak eta bai EuskoMangatik kanpo euskaratu direnak ere. Beti azpitituluen egileari meritua emanez, noski.
Honek puntu garrantzitsu batera eramaten gaitu: itzulpenen kalitatea. Webgunean hainbat pertsona desberdinen lanak daude, eta lan hauek hainbat iturri desberdinetatik itzuliak izan dira. Badira japonieratik zuzenean itzultzen dutenak, baina baita japoniera tutik ez ulertu eta gazteleratik/ingelesetik itzultzen dutenak (zoritxarrez gehiengoa). Euskara-mailari dagokionez batzuek maila ona daukate, baina beste batzuek ez dakite ezta ergatiboa zer den ere. Eta nola ez ba, akats tipografiko mordoa egiten dituzten despistatuak ere ez dira falta. Hala ere, hemen ez dugu inoren lana baztertzen. Horregatik, kontuan izan webgune honetan denetarik aurki dezakezula.
Gustatuko litzaizuke zerbait euskaratzea? Jakizu oso lan erraza dela, edonork egiteko modukoa. Ez duzu inolako jakintza berezirik behar, eta zalantzak baldin dituzu geuk argituko dizkizugu. Behar duzun gauza bakarra denbora eta gogoa da. Zeuk atsegin duzun zerbait euskaratzera animatzen zaitugu! Presarik gabe, zeure erritmoan.
Ez badakizu nondik hasi, hona hemen Martxin erabiltzaileak egindako tutorial konpleto bat: TUTORIALA
Bestalde, japoniera hizkuntzak interesa piztu badizu eta gehiago ikasi nahi baduzu, egoninobik idatzitako gida bat ere badaukagu, japoniera zeure kabuz ikasteko: GIDA
Historia apur bat
EuskoMangaren ideia 2014an sortu zuten admin eta egoninobi izeneko bi pertsonek. Hasieran blogspot batean hasi ginen, eta handik urtebetera webgune propio bat izatera pasa ginen, hasieran esy.es luzapenarekin, eta urte batzuk geroago .com luzapenarekin. Webgunearen sorkuntza eta mantenimenduaren atzean admin egon zen. Webgune berri horri esker, jende berria ezagutu genuen: danbo, sogeking, markel eta martxin, besteak beste.
2019an ordea, berritu egin ginen. Gaur egun daukagun wordpress motako webgune sinple eta praktiko honetara pasatu ginen. Webgune berri honetara ere jende berria bildu zaigu: arsenicum, josuetx, james, hoboshinda, arashi eta eneko, besteak beste.
Urteak pasa eta aurrera jarraitzen dugu! Mila esker hau posible egin duzuen eta egiten jarraitzen duzuen guztioi! これからも、よろしく!
Kontaktua
Zerbait esan nahi badiguzu, sare sozialen bitartez (Twitter, Telegram, Discord) edota egoninobi@gmail.com (Mirai) helbidera idatziz gurekin harremanetan jar zaitezke.