Animea euskaratzeko tutoriala

~ EUSKOMANGAKO TUTORIALA ~
Programak nola erabili, atala euskaratu eta muntatu,
eta webgunean argitaratu.

~by Martxin

Kaixo, ni Martxin naiz, euskomangako zure kidea!

Tutorial honetan zehar animea euskaratzen ikasteaz gain, beste hainbat gauza ikasiko dituzu. Hemen duzu dokumentu honek edukiko dituen atalak:

  1. Beharko dituzun programen zerrenda.
  2. Programak lortzeko webguneak.
  3. Programak erabiltzeko oinarrizko azalpenak.
  4. Euskomanga webgunea nola erabili.
  5. Euskaratzeko momentuan sor daitezkeen dudak.

Has gaitezen!



1. PROGRAMEN ZERRENDA

Hauek dira euskaraz azpitituluak jartzeko erabiliko ditugun programak:

  • 7-Zip: Azpitituluak batzuetan .rar edo .zip formatuko karpetetan aurkitu daitezke. Programa hau eduki behar dugu karpeta konprimituak ireki eta edukia kanpora ateratzeko.
  • Aegisub: Azpitituluak jartzeko erabili ohi den programa. Ulerterraza, erabilerraza eta oso baliogarria.
  • µTorrent edo qBitorrent: RAW bideoak (bideo gordinak) lortzeko/deskargatzeko erabiliko dugun programa.
    • OHARRA: qBitorrent “open-source” da, beraz horixe erabiltzea gomendatzen da. Tutorialean µTorrenteko irudiak ageri diren arren, funtzionamendua bietan erabat berdina da.
  • MKVToolNix GUI: Gure azpitituluak bideo gordinean itsasteko balioko digu.
  • RapidCRC: Gure bideoari CRC kodea jartzeko balio du.
  • VLC Media Player: Bideoak ikusteko programa bat. Atalak .mkv formatuan igo ohi ditugunez, erreproduktore hau oso aproposa da.
    • OHARRA: Hau gomendatzen dugun arren, teorian beste edozein erreproduktorek ere balio du.

Programa guztiak doakoak dira, ez dugu inolako zentimorik ipini behar hauek erabiltzeko. Programak tutoriala irakurri ondoren deskargatzea gomendatzen dizut.



2. PROGRAMAK DESKARGATZEKO WEBGUNEAK



3. PROGRAMEN AZALPENAK ETA NOLA ERABILI

  • 7-Zip:

Programa instalatu besterik ez dugu egin behar. Behin programa instalatuta, behar ditugun artxiboak ireki ahalko ditu ordenagailuak.


  • VLC Media Player:

Bideoak erreproduzitzeko programa bat da. Bideoak normalean .mkv formatuan igotzen ditugu. Programa hau instalatu eta edozein formatuko bideoak ireki ahalko dituzu.


  • µTorrent (edo qBittorrent):

Programa honen bitartez hainbat gauza lor ditzakegu. Guk RAW bideoak lortzeko erabiliko dugu, hau da, azpititulurik gabeko bideoak. Instalatu eta sortu lasterbide bat Mahaigainean.

Programa instalatu ondoren, nyaa.si webgunean sartuko gara. Ondoren, nahi dugun animearen izena bilatuko dugu. Hurrengo irudian “stone” bilatu dut “Anime-RAW” atalean, “Doctor Stone”ren azken atala bilatzeko:

—Karratu gorria: Nahi dugun bideo mota bilatzeko balio digu. Guk erabiliko duguna “Anime” ataleko “Raw” aukera da.
—Karratu laranja: Nik aukeratu dudan bideoa deskargatzeko esteka.
—Karratu berdea: Bilatzailea. Jarri hemen nahi duzun animearen izenburua.
—Karratu morea: Karratu gorri eta urdinaren tartean dago (ez da osorik ikusten). Bideoen tamainak daude hor adierazita.
—Karratu urdina: Beste hainbat datu. Zati honetan garrantzitsuena, goranzko geziaren lerroan 0 ez den zenbaki bat agertzea da, bestela ez dugu bideo lortuko (ez baita bideo-igorlerik egongo).

Orain nahi dugun estekan klik egingo dugu. Ondorengo irudiaren antzeko zerbait agertuko zaizu pantailan:

Egin klik karratu beltzean. “Torrent” bat deskargatuko zaizu (karratu gorria), egiozu klik horri.

Orain itzul gaitezen µTorrent programara (edo ireki ezazu), leiho berri bat ireki baita:

—Karratu berdea: Bideoa deskargatuko den lekua. Egin klik hiru puntuetan deskargatuko den lekua aldatu nahi baduzu.
—Karratu urdina: Egin klik bideoa jaisten hasteko.

Minutu gutxi batzuetan RAW bideoa gure eskura edukiko dugu.


  • Azpitituluak non lortu:

Orain erdarazko azpitituluak bilatuko ditugu. Bi bide daude.

Gorde lortuko dituzun artxiboak zure ordenagailuko Euskomanga/Animarenizena/Azpitituluak atalean.

Lehen bidea: Azpitituluak igotzen dituzten webguneak.

Interneten azpitituluak biltzen dituzten webguneak daude. Hauek erabili ditzakezu:

nensaysubs.net: Gehienbat gaztelerazko azpitituluak igotzen dituzte, baina ingeleraz eta frantsesez ere batzuk egon daitezke.
opensubtitles.org: Hemen ere hainbat hizkuntzetako azpitituluak aurki ditzakezu.
kitsunekko.net: Japonierazko eta ingelesezko azpitituluak.

Oharra: .zip artxiboak deskargatuko dituzu. Hor barnean datoz azpitituluak.

Bigarren bidea: nyaa.si webgunearen bitartez.

“RAW” hautatu ordez, “English-translated” edo “Non-English-translated” atalean dagon bideoa bat deskargatuko dugu, nahi dugun hizkuntzakoa. Utzi bideo hori nahi duzun tokian. Orain ireki Aegisub artxibo berri bat eta egin honakoa:

File > Open subtitles > deskargatu dugun bideoa.

Eginda. Programak bideoko azpitituluak lortu ditu (Leiho bat ager dakizuke bideoa atxikitzeko. Hautatu ez duzula nahi, beste bideo bat behar baitugu). Orain gorde artxiboa nahi duzun izenarekin Azpitituluak karpetan eta ezabatu azpitituluak zituen bideoa. Hurrengo pausua euskaratzen hastea da.


  • Aegisub

Honako programa hau izango da gure lan tresna garrantzitsuena. Hainbat aukera ditu programa honek, baina tutorial honetan oinarrizko gauzak besterik ez dizkizut aipatuko.

Karratu gorria: Azpitituluen zatia da. Hemen sortu eta kendu ditzakegu azpitituluak beste gauza batzuez gain. Hau ageri da ezkerretik eskumara:

—Start eta end: azpititulu bat bideoko zein denboratan hasten den eta noiz bukatzen den.
—CPS (character per subtitle): Karaktereak zenbatzen ditu denbora kontuan hartuz. Aukeratu dugu denbora tarterako karaktere gehiegi ipini baditugu, karratua gorritzen joango da.
—Style: Azpititulu atal horrek zein letra-estilo daukan adierazten du.
—Actor: Esaldia nork dioen (hau gehienbat azpititulatzailea gidatzeko da).
—Vert: Esaldiaren posizioa adierazten du (ez beti).
—Text: Testua, guk idazten duguna.

Karratu berdea: Testua idatzi behar den lekua.

Karratu morea: Bideoa ageri den tokia. Gure azpitituluak nola geratzen diren ikusteko balio digu. Behealdean bideoko denbora dago eta ezkerrean testua mugitzeko tresna batzuk.

Karratu horia: Espektrograma bat da, bideoko hotsa proiektatzen du. Honen bitartez testu bat denbora zati batean jartzeko balio digu, baina azpitituluak deskargatuko ditugunez, ez dugu zertan ukitu behar. Behealdean denborarako beste tresna batzuk daude. Ikertu zati hau zure kabuz, hobeto ikasiko duzu horrela.

Karratu urdina: Testua (karratu berdekoa) editatzen laguntzen digu. Honekin testuaren tamaina, kolorea, posizioa eta abar pertsonalizatu dezakegu. Baina hau egitea hautazkoa da, ziurrenik deskargatutako azpitituluetan dena eginda etorriko da. Botoi hauek daude:

—B, I, U: Testua lodi, etzanda, azpimarratuta jartzeko balio digu.
—Fn: Testuaren letra-estilo eta tamaina aukeratzeko balio du.
—AB: Lau AB daude. Hauek testuari kolorea emateko balio dute. Aukeratzen dugu AB-aren arabera, testuko leku zehatz batzuk kolorez aldatuko dira (aurrealdea, ingurunea, atzealdea).
—Hiru 0-ak: Testuaren posizioa mugitzeko. Esate baterako, erdiko karratuan 600 jarriko bagenu, testua bideoko goialdean agertuko litzateke. Ezkerrekoaz baliatuz, testua ezkerrera joango da, eta eskumarekin beste horrenbeste.

Karratu beltza: Programa baten ohiko aukerez gain (file, edit, etab.), beste hainbat gauza egin ditzakegu. Hemen dago lana gordetzeko aukera, oso garrantzitsua.

Azpitituluak jartzeko pauso hauek jarraitu:

  1. Deskargatu nahi duzun animearen azpitituluak, erraztu dizkizugun webguneen bitartez edo bideo batetik hartuz.
  2. Azpitituluak 7-Zip formatuan badaude, egin klik eskumako botoarekin horren gainean eta hautatu “extraer aqui”.  Horra hor zure azpitituluak (agian berriz egin behar duzu “extraer aqui”). Sakatu nahi duzun hizkuntzako azpitituluak.
  3. Azpitituluak ikusi ahalko dituzu.
  4. Bideo bat aukeratu behar dugu. Horretarako sakatu “karratu beltzean” dagoen: Video> Open video. Orain bilatu µTorrent bidez deskargatu dugun bideoa eta ireki ezazu. Bideoa agertuko zaizu, handiago edo txikiago egiteko, mugitu saguaren erdiko botoia bideo gainean.
  5. Oraindik ez gaude prest. Ziurtatu bideo eta azpitituluak batera doazela. Jarri bideo hasieratik eta emaiozu “play”. Aztertu ezazu noiz esaten den lehen esaldia (Baliatu zaitez beheko denboraz) eta begiratu “karratu gorriko” lehen esaldiaren denbora.
  6. Azpitituluak ez daude denbora onean. Hau zuzentzeko sakatu “karratu beltzean” Timing> Shift times…
  7. Jarri “Time” atalean zenbat segundo dauden benetako lehen esaldiaren eta azpitituluetako testuaren artean. Testua beranduegi ateratzen bada hautatu “Backward”, baina lehenago ateratzen bada “Forward”. Segi denbora doitzen ahotsa eta testua aldi berean egon arte (espektrogramak lagun zaitzake, behealdean dituen botoiekin batera). Denbora aldatzeko, segundoak zehaztu beharko dituzu 0:00:00:00 karratuan (Ordua : minutuak : segundoak : milisegundoak).
  8. Dena prest daukagu. Hemendik aurrera testua euskaratzen has zaitezke. Hautatu “karratu gorrian” testu bat, jarri euskaraz “karratu berdean”. Joan egin duzum lana noizbehinka gordetzen (goian ezkerraldean)!
  9. Esaldi bat moldatzen duzunean, sakatu “enter” tekla, bestela posible da aldaketarik ez egitea.
  10. Zein euskara mota erabili jakiteko irakurri tutorial honetako 5. atala.

Karaokea egitea hautazko ekintza da. Ez da beharrezkoa! Egitekotan, eskuz egin behar da. YouTubeko bideoren bat ikustea gomendatzen dizut, baina hala ere, zer edo zer azaltzen saiatuko naiz.

  1. Azpitituluen atalean (karratu gorria) egin klik ezkerreko botoiaz eta sortu lerro berri bat.
  2. Moldatu denbora azpitituluko denbora eta abestiko esaldia aldi berean joan daitezen. Kalkulatu zein denbora tartean esaten den esaldia eta idatzi zenbakiak “karratu urdineko” denbora atalean. Ondore erabili “karratu horiko” espektrograma denbora doitzeko: Mugitu espektrogramako lerroak eta ziurtatu esaldia osorik entzuten dela horren azpian dagoen “lerro gorrien arteko geziaren” botoia sakatuz.
  3. Egin hau abestiko esaldi bakoitzarekin, eta idatzi japonierazko esaldia edo euskarazkoa. Ondoren egin gauza bera baina beste hizkuntzako esaldiak jarriz (kopiatu eta pegatu lerroak, mugitu azpitituluak bideoaren goialdean ager daitezen eta berridatzi).
  4. Posible da testua txikiegi agertzea. Hori konpontzeko aukeratu karratu urdinean “comment”en ezkerraldean ageri den “main” aukera (testu motak dira).

Karaokea eginda! Noski, lan gehigarri honek zera suposatzen du: Japonierazko idatziak aurkitzea eta haien itzulpena egitea ahal dugun moduan.Irudi bat lortu

Azkenik, irudi bat lortu. Atala euskomangara igoko dugunean, irudi bat beharko dugu. Aegisuben gaudela, bideoan ezkerreko klik eginez dagoen irudia kopiatu edo gorde dezakegu (azpitituluekin edo ez). Irudi erakargarri bat aukeratu eta gorde. Irudi hau RAW bideoaren karpetan agertuko da.


  • MKVToolNix GUI:          

Programa honek egin ditugun azpitituluak RAW bideora itsasten ditu.

  1. Sartu RAW bideoa “karratu urdinean”. Artxiboak agertuko dira karratu horretan eta behekoan, utzi dauden moduan.
  2. Sartu Aegisub formatuko zuk egindako azpitituluak “karratu berdean”. Artxibo berri bat agertuko da karratuan, utzi dagoen moduan.
  3. Ziurtatu ezazu lortuko dugun bideo berria zuk nahi duzun lekura doala. Egin klik “karratu beltzean” helmuga hautatzeko. Adibidez: Euskomanga/Animarenizena
  4. Sakatu “karratu gorria”. Beheko eskumako portzentaiak igotzen hasiko dira. Biak %100ean daudenean atala prest izango dugu.
  5. Joan atala dagoen karpetara eta ireki bideoa azpitituluak ondo daudela ziurtatzeko.
  6. Aldatu bideoaren izena. Esate baterako, nik hau jarri ohi dut: Animearenizena atalarenzenbakia.eus (Atalarenizena – nire izena)

Oharra: Azpitituluak sortzean letra-estilo desberdinak erabili nahi baditugu, letra-estilo horiek “eranskinak” (hirugarren fitxa/leihoa) atalean gehitu behar dira fitxategi moduan, bestela ez dira estilo horiekin ikusiko.


  • RapidCRC:

Teknologia zaleek jakingo dute zertarako balio duen programa honek, nik ez. Dakidan gauzak bakarra, kode hau jartzea beharrezkoa dela arazorik ez egoteko. Oso erraz egiten da.

  1. Zabaldu programa eta eraman euskaratutako atala barrura (Open files bidez ere aukeratu dezakezu). Goialdean agertuko zaigu galdera ikus urdin batekin.
  2. Egin klik karratu beltzean, ondoren klikatu “ados” agertuko zaizun leiho berrian. Horrela CRC kodea ezarriko dio (galdera ikur urdina, “txek” berde batean bilakatuko da). Itxi programa.

Atala webgunera igotzeko prest dago orain.



4. EUSKOMANGAN ARGITARATU

Behin atala prest dugunean, MEGAra igoko dugu ondoren euskomangan argitaratzeko. Honetarako mega.nz kontu bat eta euskomangako beste bat sortu behar dituzu.

  • Atala MEGAra igo:

MEGA kontua sortu ostean 15 gigabyte izango ditugu nahi dugun moduan betetzeko. Behin beteta, beste mega kontu bat sortu eta listo, ez dago arazorik. Ondorengo irudiak plataforma hau ulertzen lagun zaitzake:

—Karratu morea: MEGA plataformako hainbat aukera. Guk hodei itxura duen zatia erabiliko dugu, han gordeko baitira gure bideoak.
—Karratu berdea: Karpetak sor ditzakegu gure bideoak antolatuta egoteko. Behin nahi dugun karpeta barruan gaudela, “Artxiboa igo” klikatu eta gure bideoa aukeratuko dugu. Ondoren igotzen hasiko da.
—Karratu laranja: Bideoa igotzen den bitartean, karratu honetan datuak agertuko zaizkigu. Egin klik ezkerreko geziei gehiago jakiteko.
—Karratu horia: Bideo igotzen zaigunean, hor agertuko zaigu. Hor daukagula eskuma-behealdeko 3 puntuak klikatu behar dituzu.
—Karratu urdina: Hiru puntuak klikatzen ageri diren aukeretan, “Copiar enlace” aukeratuko dugu. (nire ez zait hori ageri, linka jada berbideratuta daukat eta beste bi aukera ageri zaizkit). Linka kopiatzerakoan, ziurtatu linkak “giltza” daramala, bestela besteok ezingo dugu bideoa deskargatu. Orain euskomangara joan behar gara.


  • Atala euskomangan argitaratu:

Sar zaitez zure euskomangako kontuan. Goialdean argitalpen berri bat egiteko aukera duzu. Behin klikatuta zure argitalpena idatzi behar duzu.

Jarri goi aldean atala eta dagokion zenbakia (“Izenburua” atalean).

Idatzi mezu bat nahi duzuna esaten (“Gorputza” atalean).

Atalaren linka jartzeko momentuan, besterik gabe itsatsi dezakegu.

Beste aukera bat, testu zati bati linka itsatea da. Horretarako idatzi animaren atalaren izena eta hautatu testu hori. Ondoren sakatu karratu berdea, eta karratu gorria agertuko zaizu. Itsatsi hor MEGAtik lortu duzun linka. Berdina egin dezakezu zure sare-sozialak besteei jakinarazi nahi badizkiezu.

Argazki bat gehitzeko, jarraitu honako honi: Document (karratu morea) > Set featured image > Upload Files > Select Files. Aukeratu irudia, euskomangara igoko da. Ondoren sakatu “Set featured image” argitalpen berriari atxikitzeko.

Dena prest! Sakatu “publish” eta… lana guztiz amaituta!



5. HIZKUNTZARI BURUZKO OHAR BATZUK

Agian galdera batzuk dituzu buruan erabili behar den hizkuntzarekin erlazionatuta. Tutorial honetan ager dakizkizukeen ohiko galdera horietako batzuk argitzen saiatuko naiz.

  • Zer euskara erabili behar dut?

Euskara batua erabiltzea da egokiena. Zer jarraitu behar da batueraz idazteko?

  1. Euskaltzaindiaren idatzizko arauak jarraitu behar dira. Hau da, hitz bakoitzari dagokion ortografia errespetatu, hitzak banatuta idatzi…
  2. Euskara batuko aditz laguntzaileak erabili. Euskalkietako laguntzaileak ezezagunak izan daitezke hainbat hiztunentzat.
  3. Lexikoari dagokionez: Euskaldun gehienok uler ditzakegun hitzak erabili. Ni Elhuyar hiztegiaz baliatu ohi naiz.
    —Hitz desberdinak: Bizkaian “ondo” esaten da. Baina Euskal herriko beste lekuetan “ongi” edo “ontsa” esaten da. Hiru hauetako edozein hitz erabili dezakegu, hiztegian hirurak ageri baitira.
    —Beharrezkoak ez diren erdarazko maileguak kanpo utzi behar ditugu. Berriz ere, hiztegiaz baliatu zaitezke mailegua onartuta dagoen edo ez jakiteko.
    —Aldaerak: Hitz bat fonologikoki herriz herri alda daiteke. Horrelako egoeretan Euskaltzaindiak adostutako aldaera erabili behar dugu. Bai, berriz ere, hiztegietan ageri diren formak.
  4. Geroaldiko “-en” eta -“ko/go” biak daude onartuta, “-ra” eta “-rat” bezala. Honelako moduko kasuez aparte, bestelako hitz amaierak edo postposizioak batukoak izan behar dira.
  5. Pertsona izenordainak ere batukoak izan behar dira.
  6. Eta beste hainbat arau daude, baina nire ustez aurrekoak dira garrantzitsuenak.

—Gure etxean mirabe bat geneukan. Etxera etorriko zela esan zidan. Hurrengo egunean hilda aurkitu zuten.
—Gure etxean sehi bat genuen. Etxerat jinen zela erran zidan. Hurrengo egunean hilik kausitu zuten.

Aurreko bi esaldiak batueraz idatzita daude.


  • Nola idatziko ditut pertsonaien izenak?

Nire gomendioa izenen grafia mantentzea da (Lortutako azpitituluetan aurkituko ditugu haien izenak idatzita). Hau da, ez moldatu izenak euskarara, utzi dauden bezala.

Hala ere, eta nahi izatekotan, moldatu ditzakezu, baina anime osoan zehar izena beti berdin idatzi behar duzu.

Beste batzuetan ordea, izenak ez dira benetako izenak, ezizenak baizik. Horrelako kasurik izatekotan itzul ezazu ezizen hori euskarara, eta itsusi edo baldar geratzekotan, asma ezazu zuk zeuk beste bat, baina har itzazu kontuan bere ezizenaren ezaugarriak.


  • Japoniera asko ez dakidan arren, badakit pertsonaiek esandako eta erdarazko azpitituluetan ageri dena ez dela itzulpen zuzena. Zer egin behar dut?

Animezale handia izatekotan, jada Japoniar apur bat ulertzen duzu. Badakizu ingelesezko hitz asko erabiltzen dituztela, badakizu hitz batzuen esanahia, etab… Noizbehinka esaten dutena eta azpitituluetan ageri dena ez doala batera iruditzen zaizu (pertsonaiak hitz bat esan du baina ez da azpititulua  azaltzen edo geroago ageri da). Zer egin?

Tutorial honetan bi bide proposatuko dizkizut: “Japoniera – Euskara” eta “Frantsesa/Espainola – Euskara”

  1. Japoniera – Euskara: Idatzi esaldia entzun duzu moduan. Jarri entzun dituzun baina azpitituluan ageri ez diren hitzak eta moldatu japoniera euskarara. Baina adi! Batzuetan ez da posible hau egitea, moldaketa arrotza iruditzen bazaizu ez egin.
  2. Frantsesa/Espainola – Euskara : Ahaztu pertsonaiek diotena eta euskaratu zuzenean esaldia. Ez da inolako arazorik egongo, erdarazko itzulpen hauek fidagarriak dira, ez dute inolako akatsik.

  • Japoniarrek ingelesezko hitz asko erabiltzen dituzte. Nik ere ingelesez jarri behar ditut?

Japoniarrek ingelerazko mailegu asko dituzte, batzuk haien bizitzaren parte direnak eta beste batzuk nahita erabiltzen dituztenak (hau da, japonierazko hitza daukate baina ez dute erabiltzen). Ingelerazko hitzak mantenduko bagenitu euskara-ingelera hizkuntza arraro bat sortuko genuke, beraz hitz guztiak euskaratuko ditugu.

Momentu zehatz batzuetan ingelerazko hitzak erabili daitezke hala nahi baduzu. Begi-bistako mailegu garbiak direla argi eduki behar dugu. Adibidez: Game over.


  • Eta onomatopeiekin zer?

Hainbat egoeretan, animeko pertsonaiek ez dute inolako hitzik esaten, onomatopeia bat egiten dute. Guk jada ditugun azpitituluetan onomatopeia horiek itzulita ageri dira. Zer egin?

Nahi duzuna egin dezakezu. Gehienetan, soinu horien esanahia argi eta garbi ulertzen da eta ez dirudi zertan itzuli behar denik. Ordea, itzulpenetan nahiko ohikoa denez, nahi izatekotan euskarara itzuli ditzakezu. Era berean, onomatopeia bat apur bat ulergaitza iruditzen bazaizu, jarri azpitituluak.


  • -san, -kun, -sama, -chan amaierak. Zer egin horiekin?

Bi proposamen ekartzen dizkizut:

  1. Utzi hitz amaiera horiek dauden moduan. Ez duzu euskal grafia erabili behar.
  2. Kendu eta ahal bada ordezkatu:
    -san: “jauna” edo “andrea” esanahiarekin erabiltzen dute. Egoeraren arabera kendu edo gehitu behar da (alegia, zu zeu hiztunaren tokian egongo bazina, eta “jaun/andre” deituko bazenioke, jarri zazu).
    -kun: “zu” da literalki. Orokorrean kendu egin behar da, baina beste egoera batzuetan mantendu daiteke (Irakasleak ikasleari deitzen dionean adibidez). Zalantza izatekotan kendu.
    -sama: Norbaiten oso gainetik dagoena norbaiti esaten diote. Euskararen kasuan, “jaun”, “andre” edo horrelakoak balio dizkigute.
    -chan: Txikigarria, maitasun kutsua gehitzen dio. Euskaraz “-txu”, “-txo”, eta horrelakoak ditugu.

Japoniarrek errespetua adierazteko amaiera desberdinak erabiltzen dituztela ikusi dugu. Euskaraz ere baditugu errespetu desberdinak adierazteko moduak (zuka, hika, beroriketa, eta horietaz gain, alokutiboa ere badugu).

Aurreko tratamenduak ez zer diren ez badakizu, hona hemen azalpena txiki bat:

  1. Zuka: “zu” pertsona izenordainak erabiltzea: Zu zara.
  2. Hika: “hi” pertsona izenordaina erabiltzea: Hi haiz.
  3. Berorika: Berrori izenordaina erabiltzea: Berrori da. (Aditz laguntzaileak 3.P komunztadura egiten du).
  4. Alokutiboa: Hemen dator zatirik zailena. Zukan/xukan eta hikan aditz laguntzaileari beste partikula bat gehitzen zaio, kideari erreferentzi egiteko.
    —Hi handia haiz: Hemen ez alokutiborik sartzen.
    —Bai, egia duk: Amaierako “-k” da alokutiboa. Alokutibo gabe “da” litzateke.
    —Ekialdeko euskalkietan zukan/xukan ere alokutiboa sartzen da: Aita joan duzu vs Aita joan da.

Orain, hau jakinda zer ondorioztatu dezakegu?

—Oso goranzko tratamenduan, -sama jartzearekin batera “berori” jartzeko aukera dugu.
—Oso lagunarteko tratamenduan, hika erabiltzeko aukera dugu, noski alokutiboarekin batera.
—Euskal herriko leku batzuetan ez da “zu” esaten baizik eta “xu”. Hala ere, Euskaltzaindiko grafia jarraituz,  “zu” idatzi behar dugu.
—Zukako alokutiboa, pertsonalki, ez dut ETB1eko eta ETB3ko marrazki bizidunetan entzun. Horrenbestez, ez dut uste Euskaltzaindiak baturako onartu duenik.


  • Eta aurreko galderan aipatu ez diren beste hitz amaiera bitxiren bat ageri bada?

Batzuetan pertsonaiek beste hitz amaiera batzuk eduki ohi dituzte. Normalean tribu batekoak direla adierazteko erabili ohi dute. De gozaru adibidez, ninjek erabili ohi zuten hitz amaiera da.

Hala eta guztiz ere, gehigarri hauek japonierako aditz mota batzuen barne daude, beraz japoniar gramatikari buruzko kontuak dira. Ondorioz, amaiera horiek ez dituzu zertan jarri behar, baina nahi izatekotan, eta ondo gera daitezen lortzen badituzu, gehitu ditzakezu.


  • Atal bat egin dut baina ez dakit nire itzulpena ongi egin dudan. Nork lagundu nazake?

Ez dugu horrelako kasurik izan momentuz, baina gertatzekotan, hitz egin euskomanga taldeko edonorekin. Zu laguntzeko prest gaude, ez izan beldur.

Eta gogoratu, fansub bat gara, ez gara profesionalak! Gauzak txarto egin ditzakegu, ez digu inork ezer txarrik egingo akatsengatik. Hala ere, zenbat eta akats gutxiago egin, hobe.



BESTE BALIABIDE BATZUK:

Hiztegiak:

Hitanoari buruz:

Euskara batuko aditz laguntzaileak



NIRE HITZ BATZUK:

Duela urtebete eta erdi ezagutu nuen euskomanga webgunea. Ia-ia sinesgaitza egin zitzaidan soilik animea euskaratzeko webgune bat existitzea, alegia, euskal anime-fansub bat. Talde txiki horretara batu nintzen, ilusio handiz. Tutorialtxo bat geneukan, baina apur bat zaharkitua zegoen eta gauza gutxi zituen. Horregatik erabaki dut tutorial berri (eta luze) hau egitea, norbaitek animea euskaratzeko gogoak baditu laguntza on batekin hasteko.

Asko ikasi dut azken urte eta erdi honetan gure hizkuntzari buruz, bai euskaratzeari esker lortu dudan esperientziagatik, baina baita ere pertsonalki. Ama-hizkuntza euskara izan arren, gauza ezezagun asko nituen (eta ditut) oraindik deskubritzeko. Hori ere nolabait tutorial honetan ageri dadin saiatu naiz, baina ez dakit lortu dudan, kar-kar-kar!

Besterik gabe, hau baliogarria izan zaizula espero dut. 2019ko azaroan idatzi dut tutorial hau. Urte askotarako baliogarria izan dadila espero dut!

Eta batez ere, mila esker zuei, Mirai, Lander, Markel eta Andoni!

—Martxin

Norbaitek proposamenen bat badauka, jarri mesedez nirekin harremanetan Twitter bidez: @MartinOrokieta