日本語 ikasi

(Artikulu hau 2020ko urtarrilean idatzi zen)

Kaixo lagunok! Mirai (@egoninobi) naiz.

Orrialde honetan japoniera zeuen kasa ikasteko aholkuak emango dizkizuet. Beharbada ez naiz pertsonarik egokiena honetarako, neu ere oraindik ikasten ari bainaiz. Baina orain arteko nire esperientzia pertsonala partekatu nahi dizuet, zuei ere baliagarria izango zaizuelakoan.

Adi! Gida honetan azaltzen ditudan metodoak nire ikuspuntua baino ez dira. Baliteke metodo hobeak existitzea. Horregatik, zuen iradokizunak eta esperientzia desberdinak pozik entzungo ditut.

Has gaitezen!

Lehen pausoa: irakurtzen ikasi!

~Happiness Charge Precure! #12~

Bai. Hartu komiki batzuk eta hasi irakurtzen. Oraindik ez dakizula karaktereak irakurtzen? Berdin dio! Ikasiko duzu. Nik Precureren eta Doraemonen komiki batzuk erosi nituen oraindik tutik ere ez nekienean. Eta hortik hasi nintzen ikasten, hiragana-taula etengabe begiratuz eta hitzak hiztegian bilatuz.

Japonieraz hiragana (ひらがな) eta katakana (カタカナ) silabarioak dauzkagu. Orokorrean, hiragana japoniar hitzak idazteko erabiltzen da, eta katakana atzerriko hitzak idazteko. Horiek dira ikasi beharrekoak. Horretaz gain kanjiak (漢字) ere badaude. Kanjiak ez dira silabak, ideiak baizik. Baina hiraganaz ere idatz daitezke, beraz oraingoz ez dituzue jakin behar, furigana daukaten testuak irakurtzen hasiko baitzarete. Furigana kanjien gainean idazten den hiragana da, kanjia ezagutu gabe irakurri ahal izateko.

Denok hain ongi ezagutzen dugun roumajia (ローマ字) ere badago, japoniera gure alfabetoen idazteko. Baina ahalik eta gutxien erabiltzea gomendatzen dizuet. Japoniera ikasi nahi baduzue, japoniar idazkera erabiltzera ohitu behar zarete.

CoroCoro, Shounen Jump eta Nakayoshi aldizkarietan (besteak beste) argitaratzen diren komikiek furigana izan ohi dute beti. Beraz, oraingoz, hiragana eta katakana ikastearekin nahikoa duzue.

“Irakurri bai, baina ez dut esanahia ulertzen…”

Irakurtzen dituzuen hitzak hiztegian bilatu eta nonbaiten apuntatu, aurrerago berriro birpasatzeko. Horretarako hasieran JapanDict bezalako itzulpen-hiztegiak erabili. Saiatu Google Translate EZ erabiltzen, ez baita beti fidagarria eta horrekin ez baitiozue buruari eragiten. Bilatu hitzak eta espresioak hiztegian bertan, eta saiatu esaldia zeuen buruan osatzen eta zentzua ematen. Guk, euskaldunak izanik, oso erraza daukagu, euskarak eta japonierak gramatika-estruktura bera daukatelako. Ikasten zoazten heinean konturatuko zarete honetaz.

Gerora, maila hobetzen duzuenean, hitzak eta espresioak japoniar hiztegietan bilatzea gomendatzen dizuet. Japonierazko zalantzak japonieraz bilatuz asko ikasten da. Nik erabili ohi ditudanak weblio hiztegia eta thesaurus-weblio sinonimoen hiztegia dira.

Tira, har ezazue komiki bat esku artean eta hasi irakurtzen=ikasten=dibertitzen!

Ulertzeko errazenak Doraemon, Precure, Pocket Monsters eta halako kodomo (ume) motako mangak dira. Hala ere, One Piece, Naruto, Boku no Hero Academia, Yakusoku no Neverland, Haikyuu!!, Kimetsu no Yaiba eta halako shounen (gazte) motako ia guztiek ere furigana daukate. Ez daukazue aitzakiarik beraz, ziur aukera guztien artean zuen gustuko zerbait dagoela!

Aztertu dezagun bineta hau adibide gisa:

~Daichouhen Doraemon #14: Nobita to Mugen Sankenshi~
学校がっこうまでかけっこしよう。
  • 学校 = がっこう = eskola
  • まで = arte / -raino
  • かけっこ = lasterka
  • しよう = する (“egin” aditza) + ~よう (asmoa adierazteko aditz-forma) = egin dezagun

“Eskolaraino lasterka egin dezagun!” (==Goazen eskolaraino lasterka!)

Erraza, ezta? Hiragana jakinda, 学校 nola irakurri jakin ez arren, gainean/alboan daraman がっこう irakurtzeko gai izango zarete.

Bigarren pausoa: belarria findu!

~Kirakira☆Precure A La Mode #24~

Animea japonieraz azpititulatuta ikusi. Horrela irakurmena+entzumena landuko duzue. Zaila da furigana duten azpitituluak aurkitzea, beraz oraindik irakurtzen ez dakizkizuen kanjiak aurkituko dituzue. Baina ahotsa entzuten ari zaretenez, ziurrenik kanjiaren lekuan esandakoa identifikatzeko gai izango zarete.

Mangaren kasuan bezala, hemen ere hasieran anime errazetara jo. Adin guztiei (bereziki umeei) zuzendutako serieak dira ikasteko egokienak (eta nire uste apalean, orohar serie onenak).

Nik Doraemonen eta Crayon Shinchanen film guztien maratoi handi bat egin nuen, denak japonieraz azpititulatuta ikusten. Ulertzen ez nuen hitz edo esaldi bat agertzen zen bakoitzean bideoa gelditzen nuen, eta esaldia guztiz ulertu arte ez nuen aurrera jarraitzen. Hasieran, hainbeste gelditu behar izaten nuenez, 2 orduko film bat ikusteko agian 6 ordu inguru behar izaten nituen. Urtebete eta erdiz egon nintzen maratoi hau egiten, gutxi gorabehera astero film bat ikusten. Maratoiaren amaieran jada ez nuen bideoa ia ezer gelditzen. Maratoi honi esker japoniera izugarri hobetu nuen, eta ikusitako filmak maisulanak iruditu zitzaizkidan.

Interneten eskura dauden japoniar azpititulu gehienak kitsunekko webgunean aurkitu daitezke (azpitituluen fitxategiak soilik). Bestalde, bluray motako film askok ere japoniar azpitituluak ekartzen dituzte, eta nyaa.si webgunean badira halako hainbat release, RAW atalean.

Hirugarren pausoa: itzulpenak egin!

~Heybot! #26~

Ez, ez nago EuskoMangara lanera etor zaiteztela esaten, zeuen kabuz itzulpen txikiak egin ditzazuela baizik. Nik adibidez, EuskoMangan egiten ditudan itzulpenez gain, testu laburrak eta fanartak ingelesera itzultzen ibili izan naiz foro anonimoetan. Neure buruarentzat ere hainbat eta hainbat itzulpen egin ditut. Ikasitakoa praktikan jartzeaz gain, zerbait berria ikasten da beti. Itzulpenak egiten asko ikasten da, benetan. Eta dibertigarria da!

Lagunak bilatu, eta haiekin ikasi!

~Pocket Monsters (2019) #02~

Bakarrik ikastea ez da hain dibertigarria. Saia zaitezte elkarrekin ikasteko lagunak bilatzen. Zerbaiti buruz iritzi eta ikuspuntu desberdinak entzutea oso aberasgarria da. Nik badut adiskide on bat, eta berarekin gauza berriak ikasteaz gain, dagoeneko nekizkien gauzak beste angelu batetik ikasi ditut. Japoniera-maila desberdina edukitzeak ez dio axola. Maila baxuagokoei irakasten ere asko ikasten da, zalantza berriak sortzen baitzaizkigu eta jakinduria sendotu egiten baitugu.

Japoniarrengandik ere asko ikas daiteke. HelloTalk bezalako hizkuntza-trukaketa aplikazioetan japoniar lagunak egin ditzakezue, eta haiekin japoniera praktikatu. Bai idatziz eta bai ahoz. Oso esperientzia aberasgarria da. Gainera, euskara dakiten edo ikasten ari diren japoniar asko daude. Bai, ez da broma. Nik dagoeneko halako hainbat ezagutu ditut. Baita aurrez aurre haiekin egon ere.

Bukatzeko, tresna erabilgarri batzuk!

~Eiga Doraemon (2011): Shin Nobita to Tetsujin Heidan~

Japonieraren zailtasunik handiena kanjiak direla esan daiteke. Aurreko pausoak jarraitu badituzue, praktikaren poderioz, ziur dagoeneko hainbat kanji ezagunak egiten zaizkizuela. Hala ere, ziur oraindik zailtasun handiak dituzuela. Etengabe kanjiak hiztegian bilatzen.

Baina “kopia-pega” egin ezin dugun kasuetan, nola bilatu dezakegu kanji bat hiztegian? Ba badago kanjiak bilatzeko metodo oso praktiko bat. Metodo horrek “skip” dauka izena, eta kanjiak traza kopuruaren arabera aurkitzean datza. Hiru zenbaki erabiltzen ditu. Lehen zenbakiak kanjia zein itxurakoa den adierazten du, eta bigarrenak eta hirugarrenak traza kopurua. Metodoa nola dabilen ulertzeko ARTIKULU HAU irakur ezazue, oso ongi azalduta dago.

Adibide bat jartzearren, demagun 見 kanjia bilatu nahi dugula:

Kanji honek goiko eta beheko zatia dauzka, beraz “2 motakoa” da. Goiko zatirako “5 traza” beharko genituzke, eta beheko zatirako “2 traza”. Beraz, bere skip-kodea “2-5-2” izango litzateke.

Behin kodea suposatu dugula, webgune HONETARA joko dugu:

Kodea zatika idatzi, eta kodearekin bat datozen kanji guztiak erakutsiko dizkigu. Traza kopurua zein den oso argi ez badaukazue, “+/-” laukietan errore-tartea adierazi dezakezue. Adibidez, irudian bigarren zenbakiari “+/-1” jarri diodanez, 2-5-2ren emaitzak ez ezik, 2-4-2 eta 2-6-2ren emaitzak ere eman dizkit. Baina kontuz! Zenbat eta errore-tarte handiagoa ipini, orduan eta emaitza gehiago agertuko dira. Eta hori ez zaigu komeni, zailagoa izango baita bila gabiltzana aurkitzea.

Bestalde, interneten ibiltzeko, badira oso tresna interesgarriak. Esate baterako, Google Chrome nabigatzaileko Rikaikun plugina. Mozilla Firefoxen ere badago, Rikaichamp izenarekin.

Plugin honek, sagua testu baten gainean jartzerakoan, nola irakurtzen den eta zer esan nahi duen adieraziko digu. Esanahia desaktibatu egin daiteke, nahi izanez gero. Kanji solteen hiztegia ere barneratuta dauka. Baita pertsona-izenen eta leku-izenen hiztegiak ere. Irakurri itzazue argibideak tresna honi probetxu handiena atera ahal izateko.

Antzera funtzionatzen duen Yomichan plugina ere badago, bai Chromerako eta bai Firefoxerako. Plugin honek askoz informazio gehiago ematen du sagu azpian dugun hitz edo kanjiari buruz, baina niri pertsonalki Rikaikunen sinpletasuna erosoagoa iruditzen zait.

Telefono-mugikorretarako ere milaka aplikazio daude. Nik ezagutzen dudan onena Yomiwa izenekoa da. Hiztegi bat izateaz gain, kanjiak OCR (karaktereen ezagutze optikoa) bidez detektatzeko funtzioa dauka. Labur esanda, Rikaikunekin egiten dugun gauza bera egin dezakegu baina kamera erabiliz.

Goiko irudian ikusten den bezala, paperezko komiki baten gainean aplikazioaren kamera erabili dut eta karaktereak detektatu dizkit. Eta noski, irakurtzeko modua eta esanahia adierazi dizkit. Argazki bat atera beharrean, jadanik daukagun irudi-fitxategi bat ere kargatu daiteke.

Ziur nago telefono-mugikorretarako aplikazio gehiago eta beharbada hobeak daudela. Beraz, zuen kabuz esploratzea eta gauza desberdinak probatzea gomendatzen dizuet.

Japoniera ikasteko ez da modu bakarra existitzen. Bakoitzak bere modua dauka, eta denak baliozkoak dira. Aurkitu zuen bidea eta bete zuen ametsak. Gida hau nire esperientzia partekatu eta zuei ideia batzuk emateko baino ez da izan. Japoniera ikastea jendeak uste baino askoz errazagoa da, benetan.

Eta… oraingoz hori da dena. Zuei zerbait bururatzen bazaizue, esan!

~Kaitou Joker #13~

Estra: gehiago sakontzeko

Hasteko, euskarazko wikipedian japonierari buruzko gauza interesgarri asko daude idatzita. Tartean, euskararekiko antzekotasunak: https://eu.wikipedia.org/wiki/Japoniera

Bestalde, japoniera ikasteko hainbat eta hainbat webgune edota testuliburu daude. Askok ingelesa daukate oinarri, baina beste askok japoniera bera daukate oinarri! Adibidez, Minna no Nihongo testuliburua, japoniera ikasteko libururik onena izateko ospea daukan testuliburua, japoniera hutsez dago.

Honako webgune honetan oinarrizko japoniera ikasteko testuliburu batzuk daude (ingelesa oinarri izanik): https://www.irodori.jpf.go.jp/en/index.html (Mila esker honen berri emateagatik, Joseba!)

Be the first to comment

Leave a Reply

Your email address will not be published.


*