Kaixo lagunok! Ni Doraemon!
Txoko honetan nire eta nire lagunen manga-komikiei buruz hitz egingo dizuet. Gainera, nire 22. mendeko bilduma digitala ere zeuekin partekatzeko prest nago, zeuek ere gure abenturak gozatu ditzazuen. Hori bai, komikiak japonieraz daude, beraz hobe duzue itzulpen-gelatina eskura edukitzea.
Tira ba, has gaitezen!
DORAEMON
Fujiko·F·Fujio komikigileak sortutako maisulan handia. 45 komiki hauek Doraemonen 821 istorioz josita daude! Fujiko maisuak bere heriotza arte (1996) jarraitu zuen istorioak sortzen.
Japoniera ikasten ari bazarete, edota ikasteko asmoa badaukazue, komiki hauek erostea gomendatzen dizuet. Doraemon japoniera ikasteko oso manga egokia dela iruditzen zait. Istorio motz eta ulerterrazak.
DAICHOUHEN DORAEMON
Ba al zenekiten? Doraemonen lehen 18 filmak (9.a kenduta, urte hartan Fujiko maisua gaixorik baitzegoen), 17 daichouhen komiki hauen adaptazioa dira. Zoritxarrez, Fujiko maisua 17. daichouhena bukatzen ari zela hil zen. Ondorioz, ordutik aurrerako film guztiak Fujiko Pro lan-taldeak (Fujiko maisuaren ondarea jarraitzen duen konpainiak) egin zituen, eta film horiek daichouhen-bertsiora ere pasa zituzten (7 ale estrak).
Komiki hauek hain dira onak ezen zaila egiten zaidala haien artean onena aukeratzea. Tetsujin Heidan? Mugen Sankenshi? Kumo no Oukoku? Denak maisulanak. Doraemonen zale sutsua baldin bazara, komiki hauek ezin zaizkizu apalategian falta!
DORAEMON PLUS
Fujiko·F·Fujio maisuak sortutako baina ordurarte argitaratu gabeko Doraemonen istorio gehiago. Fujiko Pro lan-taldeak istorio horietako batzuk bildu eta komiki hauetan argitaratu zituen, lehen 5 aleak 2005-2006 artean eta 6. alea 2014an.
THE☆DORAEMONS
Tanaka Michiaki komikigileak, Fujiko·F·Fujio maisuaren laguntzaile izandakoak, sortutako spin-off bat. Fujiko maisuaren oniritziarekin, noski. Tanaka maisuak herrialde desberdinetako doraemonen abenturak sortu zituen, Horietako batzuk, Doraemonen short-film gisa, zinemarako adaptatu ziren.
Doraemonak taldearen abentura gehiago, oraingoan autore desberdinekin. Miyazakik gidoia idatzi zuen eta Mitanik marrazkiak egin zituen. Fujiko·F·Fujio maisuaren laguntzaileak izandakoak hauek ere.
Bai Tanaka maisuaren bertsioa eta bai beste hau, zoritxarrez, ez daude inon eskuragarri. Erosi nahi izatekotan bigarren eskuko dendaren batean izan behar da, saltoki guztietan agortuta baitaude eta oraingoz ez baitituzte berrinprimatu.
DORABASE
Mugiwara maisuak sortutako spin-off bat, doraemonak eta beisbola uztartzen dituena. Nintendo DSrako bi joko atera zituzten, baina zoritxarrez inoiz ez zen anime-adaptaziorik egin. Lastima handia da, inoiz irakurri dudan mangarik onena baita.
Aurreko istorioaren jarraipen bat, pertsonaia berriekin. Bikaina hau ere… Baina anime-adaptazioa noiz!? Shin-Ei Animation, zeuri begira nago! 50 atal minimo! Egizu!
Beisbola eta Doraemon atsegin badituzue, hauxe da zuek behar duzuen manga! Bide batez, nik komiki hauek irakurtzen japoniera pilo bat ikasi nuen. Interesa piztu baldin badizuet, komiki hauek erostera gonbidatzen zaituztet. Ez dago komiki bat norbere eskuekin irakurtzea baino ezer hoberik!
~by Mirai (egoninobi)